Ainhoa Larzabal Biurdana BHIko irakaslearen testua
“Instalazio hau Palestinan hil diren ume, gazte guztiei ohorea eta agurra emateko bidea da. Aspaldidanik ideia buruan bueltaka bai, nola gauzatu era egokian ez. Iluntze batean nire begi aurrean gabai txoriaren argazki bat izan nuen eta une horretan nire buruan jarraitu beharreko bidea argitzen hasi zen. Txori hau pardela izenez ezagutzen da kostaldeko hainbat herritan.

Pardela itsasoan olatuen gainetik hegoak zabal zabalik dituelarik planeatzen du , hau dela eta askotan “pardelak olatuekin jolasten direla” entzun dut. Txori bizia eta azkarra, beti mugimenduan dagoena, gaztetasunaren bizipoza irudikatzeko ezin hobea iruditu zitzaidan.
Instalazioko txori bakoitzak gazte baten izena darama, berez milaka txori beharko genituzke gazte bakoitzari ohore egiteko. Alde koloretsuak gazte baten alaitasuna, bizi grina… irudikatzen du ; beste aldean ordea zuria dugu , heriotzak eramandakoak hutsuneari, isiltasunari utzi dio tokia. Zuritasun
honetan gaztearen izena eta adina agertzen zaigu eta gure barrena astintzen duen isilpeko garrasi amaiezina sortzen da .

Nire esker beroenak instalazio hau posible egin duzuen guztioi. Biurdana BHIko Marrazketa mintegiko Oihane Txokarro eta Mikel Ibarra, zuek gabe ezinezkoa zatekeen hau aurrera eramatea. Biurdanako ikasle guztioi , txoriak margotuz parte hartu duzuenoi eta nahiz eta aukera hau izan ez, instalazioari begiratu eta izenak irakurri dituzuenoi ere bai.
Lankideei , familiei… bakoitzak tarte bat gorde duelako ohore txiki honetan parte hartzeko.
Esker bereziak Olatz Azpirotz Larzabal idazleari barrena hunkitzen duten hitzekin instalazioa osatzeagatik.
Eskerrik asko benetan denoi.
Agur eta ohore zuen azken hegaldian.”

Ikasle batek idatzitako olerkia:
Bizitza bete herio
“Ornodunez bete dira porlana, hondartzak, itsasarteak eta eskolak. Kaskezurrari ihes egin dio ametsak eta bihotzari zendu zaio ametsa. Gogorkeriaren itzulinguruan zimeldu da etorkizuna,
amets eta begirada oro baita mehatxu bolboraren eta agintearen arteko harremanean. Izenik gabeko hezurdurek eta gorputzek ez dute aztarnarik utzi historian,
bai, ordea, bizpahiru kiloko ausikia gure kontzientzian.
Ageriko izugarrikeriak sekretupeko frustrazioa eta mina sortu du gurean. Indarkeriaren errepide-mapatik at daude ametsak,
ametsetan ez baitago bolborarik, nitroglizerinarik, ur gazirik, txaluparik, eztandarik eta itoaldirik;
hegalek ur-azala nola, horrela haizatu dezake ametsak errealitatea. Horregatik, zuri buruz idazten dut.
Jakiteko benetan existitu ote zinen,
altzoan babesteko paradarik izan ote zenuen eta zure herioak dolurik izan ote zuen.
Zuoi buruz idazten dut zuon begiradak adieraz zezakeena irudikatzeko eta sekula bizi ezinen duzuen horri nehork balio handiagoa emateko.
Zuei buruz idazten dut olatu artean egonlekua eskaintzeko.
Ez utzi idazteari, ezta gibelera begiratzeari ere; ez, bederen, orainak iraganaren ondorio izateari utzi arte.
Herritar oro bizi dadin, askatasuna eta burujabetza izan bitez herri ororen arnasa.”










